2013(e)ko apirilaren 10(a), asteazkena

ELKARRIZKETA: MIKEL BUJANDA (EUSKALERRIA IRRATIKO ZUZENDARIA)


“Noizbait eskaintzen dugun komunikazio zerbitzuaz hitz egin nahiko genuke, ditugun oztopoez baino”

1988an sortu, eta geroztik 25 urte daramatza Euskalerria Irratiak ekinean. Iruñerriko euskal jendea komunikazio tresna batez hornitzeko sortu zen, eta oraindik ere horretan dihardu. Hasiera batetik, elementu bat defendatu du guztiaren gainetik: euskara. Euskararekiko morrontza da onartzen duen bakarra, edozein erakunde ofizial, alderdi politiko edo indar ekonomikorekiko menpekotasunik ez izatea funtsezko baloretzat baitu. Horren guztiaren isla dira irrati Iruindarraren zuzendaria den Mikel Bujandaren hitzak. Berarekin izandako solasaldian, irratiak defendatzen dituen ideiez gain, oso garbi utzi du irratiak sortu zenetik oztopo ugari gainditu behar izan dituela. Alta, uste du askotan oztopo horiez gehiegi hitz egiteak itzala egiten diola egunerokotasunean egiten duten jardunari.

Elkarrizketa Iratxe Monastegiko kalean duten egoitzan izatea iradoki zuen Bujandak, beharbada irratiak egunerokotasunean nola funtzionatzen duen erakusteko. Baita lortu ere. 13.pisu batean dago, eta kanpotik pisu normal bat dirudi. Barrualdea zertxobait miatzean, ikus daiteke ez dutela punta puntako lan-tresnarik, ezta inolako luxurik.Baina horrelakorik ere ez dute behar.  Ilusioa, konpromisoa eta esfortzua nahikoa dute berez irratirik handienak ere erraz izango ez lukeen zerbait egiteko: Iruñerrian euskarazko komunikazio zerbitzu profesional eta kalitatezko bat eskaintzea.


Euskalerria Irratia 1988.urtean jaio zen. Nola eta zein asmorekin eman zen sorkuntza prozesu hori?
Sortu lehenago ere sortu zen. Gure sozietatea “Iruñeko Komunikabideak” da, eta hau 1984an eratu zen. 84rako jadanik bazegoen zerbait egiteko asmoa. Iruñaldeko euskal jendearen  zerbitzuko komunikaziorako tresna baten beharra sumatzen zen. Pentsa ezazu garai horretan mugimendu handi samarra zegoela euskaltegietan, ikastoletan, gaueskoletan... Orduan, ikusten zen hutsa eta beharra bazegoela Iruñalde honetan. Jende euskalduna bazegoen, gero eta gehiago, baina euren arteko harremana egiteko modua behar zen. Aldi berean, orduan ezagutu zen EITB. Ez zen hemen entzuten, baina baten batek esan zuen interesgarria izan zitekeela hemen entzunaraztea, eta entzuteaz gain hitz egiteko espazio bat ere izatea. Horrela 1984an sortu zen sozietatea eta urte bat beranduago idazki bat eraman zuten diputazioko erregistrora, eskatuz, “ad cautelam”, lizentzia bat euskaraz arituko zen irrati batentzat. Horrela, prestaketak egin ostean lehenengo saioak emititu ziren. Egin zen lehen lana Euskadi Irratia Iruñean zabaltzea izan zen, 1986 inguruan, eta bi urte geroago, 1988an hain zuzen, pentsatu zen tokiko programak, hau da, hemen egindakoak ere gehitu behar zirela.  Geroztik 25 urte pasa dira, eta hortxe segitzen dugu  geure saioak ekoizten, baina gu programazio lokalarekin ari ez garenean Euskadi Irratiaren programazioa sartzen dugu.


Nolakoak izan ziren lehenengo urteak?
Ziurtasun gabekoak, baina, era berean, ilusioz beterikoak. Guk galdera bat egiten genion geure buruari: posible al da hemen euskara hutsez ari den irrati bat egitea? Izan ere, ez genekien  gure txalupa hau ibiltzeko adinako  urik zegoen gure inguruan. Egia esanda, prozesu gradual bat izan zen. Egunean 2 orduko saioa egiten hasi ginen, eta ondoren poliki-poliki joan ginen, hemen inguruko pertsona famatuen artean euskaraz aritzeko solaskideak bilatuz, programazioa betetzeko jendea bilatuz... Bagenekien ez zela gauza erraza izan behar, baina itxaropena bagenuen.


90ekoa izan zen parte hartu zenuten lehen lizentzia banaketa. Beraz, esan daiteke 23 urte daramatzazuela lizentzia gora lizentzia behera.
90ekoa izan zen lehen bizi izan genuen lizentzia banaketa, baina lizentziaren lehian irratia sortu zen momentu beretik sartu ginen. Garai hartan indar dezente zuten irrati libre eta alternatiboek, baina guk hasieratik garbi izan genuen euskaraz aritu behar zuen irratiak ez zuela izan behar alternatibo edo gisa horretakoa, baizik gizartearen erdialdera joan behar zuela, euskara tresna eta hizkuntza erabilia izateko hemen, Iruñerriko jendearen artean, ez marjinazio batean. Orduan, hasieratik beretik hasi ginen prestaketak egiten, begiratuz Nafar Diputaziotik aterako ote zen lizentziak banatzeko lehiaketarik. Berehala izango zela esan ziguten, baina atzeratzen joan ziren, Madrilen  lege organiko bat behar zelako, ondoren lege organiko horren garapena ekarri behar zuen plan tekniko bat, eta gero plan tekniko hori egin eta Gobernuak banatu behar zuelako. Gauzak horrela, banaketa azkenean 90ean egin zen.


Ze onura ekarriko lioke irratiari lizentzia edukitzeak?
Lehenik eta behin, eta lehen esan dudan bezala, lizentzia bat edukitzeak suposatzen du marjinazio egoera batetik at egotea, legeak ematen dituen babes guztiez horniturik egotea. Lehenengo babesa  ziurtasun juridikoa da, oinarrizko printzipio bat dena, nahiz eta nahiko abstraktua dirudien. Honek ahalbidetzen du norbera bere eskubideen jabe izatea eta garantia izatea egiten ari zaren hori egiten jarraitu ahal izango duzula. Etxe okupa batekin konpara daiteke: bertan, agian, luzaz egon zaitezke, baina etxeko nagusiari umorea aldatzen bazaio, egoera horretan zuk zail duzu eskubide hori defendatzea. Gauden situazioan babesgabetasun batean gaude, eta praktikan gertatu zaigu aitzakia tekniko batekin denuntzia bat etortzea, eta ondoren zigorra paperik ez izateagatik jartzea. Ziurgabetasunean bizi zara, agintarien arbitrariotasunaren menpe zaude. Horrez gain, lizentzia bat edukitzeak ekonomikoki ere onurak sortzen ditu. Orain ez horrenbeste, baina garai batean Nafar Aldundiak subentzio edo laguntza instituzionalak ematen zituen. Nik uste dut eskubidea izan behar dugula besteak dauden baldintza berean egoteko. Berez, euskaraz emisore bat Iruñean edukitzea erraza ez izanik, lizentzia bat ez edukita are eta egoera zailagoan gaude.


Hortaz, zuk uste duzu irratiak euskarazko programazioa emititzeagatik aurretiazko oztopoak dituela?
Bistan da hemen euskaraz dakien jendea gutxiengo bat dela. Beraz, gure publikoa oso murritza da, honek zenbait bereizgarri ematen dituelarik. Horietako batzuk onurak ere izan daitezke, gutxi izanik, horrek hurbiltasun eta konplizitate bat sortzen duelako. Baina, bestalde, guk uko egin behar diogu gizartearen gehiengoari, eta honek gisa guztietako arazoak sortzen ditu. Horien artean, aipagarriena dela uste dut solaskideak aurkitzeko zailtasuna. Horren inguruan, askotan honako galdera sortzen da: nahikoa da daukagun errepertorio hori irrati batek behar duen bizitasun eta dinamikotasuna edukitzeko? Gu baiezkoan gaude. Gainera, egoera aldakorra da, aldatuz edo hobetuz ere badoa. Erreparatzen badiogu egungo ordezkaritza parlamentarioari, euskaraz aritzeko gai diren jaun eta andereak  inoiz baino gehiago dira. Guretzat lehen ezinezkoa zen tertulia parlamentario bat egitea, eta orain hori egin dezakegu. Aipatutakoaz gain, bistan da gutxiengo batengana zuzentzeak zenbait kalte ekonomiko ere sortzen dituela. Izan ere, iragarleen bila zabiltzanean, lana ez da erraza izaten, hauek nahiago izaten dutelako gehiengo batera zuzentzea.


Zure ustez, zergatik hartu du Nafar Gobernuak Euskalerria Irratiaren kontrako horren jarrera irmoa?
Hori, lehenik eta behin, konstatazio bat da, begien bistakoa da horrela dela. Lehenago aipatu dut 90eko lizentzia banaketa, ondoren bigarren bat izan zen 97an, Iruñerako bi lizentzia bakarrik eskaini zituztelarik. Batetik, galde liteke nola izan litekeen Iruñean lizentzia horren gutxi banatzea, 25 urtetan hiru lehiaketa izanda Iruñerako soilik 6 banatu direlako. Lizentzia hauek gestio pribatukoak dira. Hemen, euskarazko irrati zerbitzu bat beste era batera egon zitekeen atenditua, irrati publiko gisa hain zuzen. Gauzak horrela, dagoen aukera bakarra antolatzen dituzten lehiaketa horietan parte hartzea da. Hor neurtu behar izaten ditugu indarrak gurea baino dezente indar handiagoa duten beste irrati sare batzuekin. Hala ere, konkurtso horietan parte hartu eta tranpa gehigarria egin behar izan dute, konkurtso hori irabazteko bidean izan garelako bai 97an baita orain ere, eta erabaki anomalo batzuk hartu behar izan dituzte proiektuak ebaluatzerako garaian. Epaileek erabaki dute, orain arte behintzat, Gobernuaren deliberazioak irregularrak izan direla. Hala ere, 97koan ez zen horrela izan, gure aurretik lizentziak irrati lokal txikiei eman zitzaizkielako, eta hor ere gogotik egin behar izan zuten lan guri ukatzeko. Nire iritziz, UPNk ez du nahi Iruñaldean euskara errealitate bizi eta dinamiko bat izatea euren helburu politikoarekin kontraesankorra litzatekeelako euskararen presentzia indartsu bat. Zergatik hori? Horren erantzuna beraiek dute, beraiek azaldu beharko lukete. Garbi dagoena da UPNk bere aurreiritzi politikotik begiratzen diola euskarari. Aurreiritzi politikoak ditu berez kultur ondare bat den zerbaitekiko, eta hor ematen den jokoa eramanezina, antidemokratikoa eta antikulturala da.


Gobernuak Eukalerria Irratiaren ilegaltasuna argudiatzeko azkenaldian esan  du Euskadi Irratiarekin egiten duela konexioa. Honen inguruan zer iritzi duzu?
Hori orain esan digu, baina hasiera batean esan ziguten bideragarritasun ekonomikorik ez geneukala.Ondoren, 97an, tranpa bat egin ziguten, gure lehiakideei abantailak emanez. Eta oraingo honetan hori asmatu dute. Horixe besterik ez da, asmazio bat, eta perspektiba anitzetatik kontra egin ahal zaio. Batetik, esan beharrekoa da, Europako ikus-entzunezkoen irizpideak dioenez, ikus-entzunezko jarduera ez da soilik ekonomikoa, kulturala ere badela. Bestetik, garbi dagoela uste dut irrati eta telebistetan maiz ematen direla elkarlanak jabetza publiko eta pribatuen artean. Adibidez, hemen Nafarroan Gobernuak berak kudeatzen duen Instituto Navarro del Vascuencek elkarlanerako akordio bat egin du Navarra Television-ekin zenbait saio euskaratzeko. Gainera, aipatzeko modukoa da Euskalerria Irratia eta Euskadi Irratiaren artean ematen den harreman merkantila  Iruñeko Komunikabideak S.A. eta Euskadi Irratia S.A.ren artean ematen dela, harreman hori guztiz legezkoa delarik. Hori gutxi balitz, lehiaketa honen oinarrietan ez dago inongo eragozpenik guk proposatzen dugun elkarlana aurrera eramateko. Amaitzeko, uste dut garbi dagoela Iruñerriko euskal jendeari kalitatezko zerbitzua emateko produkzio lokalaz gain mundu zabaleko informazioa ere eskaini behar zaiola, eta irrati lokal batek horrelako informazioa emateko egiturarik ez badu, guztiz zilegi du euskaraz nazioarteko informazioa ematen duen irrati bakarrarekin elkarlanean aritzea.


Aurrera egiteko indarrak nondik atera dituzue,  bete beharreko baldintza guztiak bete dituzuen arren behin eta berriz marjinatu zaituztetela ikusita?
Horren inguruan gauza bat oso garbi utzi nahi dut: Euskalerria irratiaren inguruan idazten eta hitz egiten duten gehienek beti irrati honek dauzkan arazo eta ezintasunak ateratzen dituzte. Horren harira, nik beti esaten dut gauza bat dela egiten digutena,eta beste bat dela guk egiten duguna. Gu egunez egun komunikazio zerbitzu bat ari gara eskaintzen, eta noizbait nahiko genuke hortaz jardutea, ditugun oztopoez baino. Egia da oztopo gehigarri batzuk gainditu beharra dugula, baina, gurean, muinean dagoena egiten dugun lana da, edo egiten dugun lan horren balioa. Iruñeko euskal jendearen zerbitzuko tresna bat eskaintzen ari gara, euskarak hemen balio funtzional bat izan dezan. Hori da gure eginbeharra, eta horrek ematen digu aurrera jarraitzeko indarra eta gogoa.


Herritarren zein instituzio ugariren babes eta oniritzia jaso duzue. Norainokoa izan da babes hori?
Irratia lan talde txiki batek osatzen du, baina kolaboratzaile sare zabal batekin. Gainera, badugu elkarte bat, Euskalerria Irratia Elkartea hain zuzen, eta honen bidez jendeak urtero kuota bat ordaintzen du, bere borondatez. Egiten duguna lan kolektibo bat dela esan daiteke. Garbi dago euskarari lotuta dauden pertsona eta instituzioak egonda laguntza etortzen dela. Baldintza horixe da, euskara maite izatea. Ez da sekretupean gorde behar ere hemen Nafarroako agintaritzan baino sentiberatasun  handiagoa topatzen dugula Gasteizko erakundeetan, euskarari balioa ematen diotelako. Nahiz eta administratiboki edo politikoki beste erkidego bat izan hau, euskararen lurraldea ez dago definitua zatiketa politiko-administratiboarekin, beste dimentsio batean dagoela esan daiteke.


Apirilaren 18an hitzordua daukazue Europar Parlamentuan, zuen egoera zuzenean plazaratu ahal izateko. Ekitaldi honen gainean  esperantza handiak jarri al dituzue?
Konkretuki, Estrasburgon Intergrupo esaten zaion azpi-batzorde baten izan behar da, eta pentsatzekoa da bertan harkorrak izan litezkeela bertan daudenak. Oro har, Europako erakundeetan badugu itxaropena. Europako Kontseiluko adituen komiteak, hizkuntza gutxituen gutunaren betearazpenaz arduratzen denak, orain arte egin dituen txosten guztietan ardura hartu du gure egoeraz, eta gomendio batzuk egin ditu. Europako Kontseiluan gutxienez badago sentiberatasuna. Europako Parlamentuan aukera dugu batzuk ohartarazteko hemen gertatzen denaz, eta uste dut hemengo agintariei belarritik tira egiteko modu bat izanen dela, eta ez bereziki zoriontzeko, baizik eta duten portaera kritikatzeko eta aldatu beharra dutela adierazteko. Estrasburgoko Tribunalera ere eramana daukagu auzia, eta horrek ez dakit zer erritmo eta zer martxa eramango duen, baina hor dago.


Lizentzia alde batera utzita, zer uste duzu hobetu dezakezuela komunikabide gisa?
Asko, asko (karkar). Alde batetik, gehiagotara iritsi beharko genuke. Gu lan talde ttipi batean gabiltza jardunean, eta hori proportzioan dago egun hemen inguruan dagoen euskaldun kopuruarekin. Proportzioa mantendu behar dugu beti. Euskaldungoa zenbat eta handiagoa izan Iruñean, horren neurrikoa izan behar du gure zerbitzuak. Hortaz, guretzako gai nagusia euskararen erabilpen funtzionala handitzea da. Nire ustez, Iruñerrian euskara askoz ere gehiago entzun beharko litzateke, eta egoera hori aldatzeko ekinean dihardugu, bai eskaintzen, baita hartzen ere. Esan daiteke biak, bai hartzaile baita emaile papera jokatzen ditugula.              


Zure ustez zein da igortzen duzuen programetatik entzuleek gehien estimatzen dutena?
Ez nuke programa jakin bat bereziko. Nire ustez jendeak gehien estimatzen duena da irrati hau mintzaleku kolektibo bat dela,hemen Iruñea aldean euskaraz ari eta mugitzen den guztiaren mintzalekua. Gainera, beste eskualde batzuetatik  hona etortzen den euskal jendearen erakusleihoa ere bada. Garbi dago badagoela espazio bat espezifikoa soilik euskaraz hitz egiten duenari interesatzen zaiona, eta irrati honek aukera ematen du euskarazko toki, foro, etab. promozionatzeko. Hortaz landa, egunak dituen ordu askotan euskaraz ari den tresna bat gara, tokikoaz, gertukoaz hitz egiten duena, eta jendeak hori ere kontuan hartzen du.


Zuen filosofia edonolako erakunde ofizial, alderdi politiko edo indar ekonomikorekiko menpetasunik ez izatean datza. Egungo komunikabide gehienak menpekoak izaki, nola lortu daiteke menpekotasun horretatik at bizitzea?

Guk gauza bat oso garbi daukagu: guztien zerbitzura baina ez inoren menpean; zerbitzua bai, baina morrontza ez. Agian kaskagogor izateak eraman gaitu horretara, edo ideiak garbi izateak. Guretzat euskara da elkarganatzen gaituena, eta ez beste ezer. Dena den, gure burua ere ezin dugu eredu gisa jarri. Saiatu saiatzen gara, guretzat bidea sozietateko kideen artean pluraltasuna egotean datza. Alderdi politiko eta zenbait mugimendu sozialekiko distantziak markatzen saiatzen gara. Hizkuntzaren erabilera promozionatzeko sortzen diren mugimenduetan buru belarri sartzen gara, baina bestelako kausengatik sortzen diren mugimenduekiko beste konpromiso maila batzuk hartzen ditugu, distantziak markatuz. 


Nola deskribatuko zenuke egungo  euskal irratigintzaren egoera?
Nik irratiak beste komunikabideak baino gehiago maite ditut, baina badakit medio batzuk inpaktu gehiagokoak direla. Alta, irratiak beste komunikabideek ez dituzten ezaugarri batzuk baditu: berehalakotasuna, hurbiltasuna, arintasuna... Hortaz gain, badu indar bat besteek ez dutena, eta noski, irratia entzutea bateragarria da beste jarduera bat egitearekin. Beste medio batzuek akaparatu egiten dute hartzailearen arreta guztia. Ikus-entzunezko lengoaiak egun garrantzi handia duen arren, ahozkoak uste dut oraindik baduela bere garrantzia, eta gure bezalako hizkuntza txikian irratia oso elementu polita da hizkuntzaren aldeko konpromisoan aritzeko. Bestalde, euskal irrati ekoizpenean uste dut kalitatea badela, eta hor, bereziki, Euskadi Irratia nabarmenduko nuke. Horren inguruan, lehenago aipatu dudan konexio-deskonexio jokoa euskarazko irratietan oso gutxi lantzen dela uste dut, eta fenomeno hori inoiz ulertu ez dudan zerbait da. Euskadi Irratiak bere programazioak zentralizatuta egiten ditu 24 ordutik 24, eta gero badira irrati lokal asko, soilik programazio lokala lantzen dutenak. Erdarazkoetan, berriz, produkzio lokalaz landa,  sarean, katean, informazio zentralizatua dute, eta nik uste dut euskal irratigintzan ere konbinazio interesgarri eta emankorra izan litekeela, eta gure kasuan, hein batean, badela.


Era berean, azken urteetan euskararen arloan komunikabideetan hobekuntzarik sumatu duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Fase ugari izan dira, baina hizkuntzaren kalitate aldetik, eta ahozkotasunari dagokionez, uste dut hizkera funtzional, eraginkor eta malgua lortu dela, eta horren inguruan aurrerapauso handiak eman direla. Esan daiteke gaur egun prosa periodistiko landu bat dugula, erabiltzearen eta hitz egin beharraren poderioz sortu dena, eta uste dut oraindik gehiago aberastu daitekeela.