2013(e)ko maiatzaren 9(a), osteguna

ERREPORTAJEA: LANGABEZIA SAKANAN


Sakana, oasirik gabeko desertua

Langabetuen kopurua 1700era iritsi da, azken lau urteetan langabezia %160 igo delarik.

Basamortua bailitzan, lehor, antzu, idor dago Sakana. Krisiak jo aurretik ekonomikoki Euskal Herriko eskualderik indartsuenetakoa zen, sare industrial boteretsu batez hornituta zegoelarik. Hala ere, lanpostu gehienen iturburua zen sare industrial hau erabat suntsitu du krisiak urte hauetan, langabezia maila izugarri igoaraziz. Hortaz, esan genezake bai krisiaren aurretik bai orain Sakana Euskal Herriko erreferente bat dela, baina egoera oso desberdinean: ahalmen industrialagatik garai batean, ikaragarrizko mailara iritsi den langabeziaren portzentajeagatik egun. Alta, Sakana halabeharrez sortutako mortua baino gehiago da, Nafar Gobernuak ere ihartze prozesu horretan  zeresana izan duelako. Gauzak horrela, eta etsipena gorputzean duten arren, ibarreko biztanleek behin eta berriz elkartasuna erakutsi dute egoera beltzenean daudenekiko, eta garbi dute beharrezkoa dela indarrak batzea eta kalera ateratzea egoerari konponbidea eman nahi bazaio.

Iñaki Berastegi eta Eñaut Agirrebengoa

Ez da txantxetakoa Sakanak egun bizi duen egoera. Momentu honetan lau biztanletatik bat lanik gabe dago,  bertako enpresa esanguratsuenetako asko itxi egin dituztelarik. Lehena Ziordiko Dinescon enpresa izan zen, ateak 2008ko abenduan itxi zituena, 98 lanposturen galera ekarriz.Ondoren Ispordhing, RECINDSA, GAMESA edo ARFE bezalako lantegien itxierak etorri ziren. Azken lantegi honen kasuak oihartzun berezia izan zuen,  enpresako gerentea izan zen Ramon Arzaren gestioak urte askotan zehar fidagarritasun berezia erakutsi zuen enpresa hondamendira eraman zuelako. Krisia sartu zenean  gerenteak beste alde batera begiratu zuen, zorrak gora egin zuen, produktu asko beren kostuaren azpitik saldu ziren, langileei soldatak atzeratzen joan ziren, eta horrek guztiak enpresaren itxiera eta berau osatzen zuten 157 langileen kaleratzea ekarri zuen. Hori guztia gutxi balitz, eskualdeko enpresarik handiena den Sunsundegi ez da denboraldirik onena pasatzen ari (gobernuari aurkeztu zitzaion azken bideragarritasun planaren arabera, 78 langile kaleratuko lirateke).
Hainbeste enpresaren itxieraren eta enplegu erregulazio espedienteren ondoren, CCOOren Ikerketa Bulegoak argitaratutako langabeziaren maparen arabera Sakanan lau urtetan langabeziak %160 egin du gora, Nafarroan Baino 49 puntu gehiago. Igoera hori are nabarmenagoa da ibarraren mendebaldean, ia enplegu osotik herrialdeko langabezia tasarik handiena izatera pasa baita. Gainontzekoetan langabeziaren igoera Nafarroaren parean dagoela esan daiteke.  Generoari dagokionez, azken 4 urteetan emakumezkoen langabeziak %10eko jaitsiera pairatu du, %60tik %50era pasa baita. Hala ere, datu hori ez da dirudien bezain baikorra, jaitsiera ez delako emakumeen lan egoeraren hobekuntzaren ondorioz etorri, baizik eta gizonezko gehiago geratu direlako lanik gabe. Adinari dagokionean, langabeziak eragin berezia izan du 36 eta 45 urte arteko biztanleengan, baina gazteen egoera ere ez da batere ona, izatez oztopo handiak dituztelako lan-merkatuan sartzeko, eta, gainera, azken urte hauetan populazioa nabarmen zaharkitu denez, lan eskatzaile gazteen kopuruak ere behera egin du.
Industria zaharkituaren ondorio
Sakana historikoki industriaren inguruan bildu den lurraldea edo bailara izan da. Ibarrean altzairuzko galdategi handiak izan dira nagusi, non sakandarren gehiengo batek lan egiteaz gain kanpotik jendea ekartzen zuten enpresa asko zeuden. Enpresa handi horiek familia enpresak izaten ziren gehienetan, kualifikazio baxuko langileria kontratu ohi zuten enpresak, mozkinak lortzean nagusien artean banatzen zirelarik.
Krisiaren arrazoiei buruz hitz egitean,Sakanako sindikatu nagusien artean aipatzen den termino nagusienetako bat autokonplazentzia da, hots, enpresa handien jabeek mozkinak berriro euren enpresan inbertitu beharrean irabazi horiek gordetzea. Fenomeno honen ondorioa begi bistakoa da, ehundura industrial zaharkitua. Enpresak zaharkituak gelditu dira Sakanan, I+G-an eta enpresak hobetzeko inbertsioak ez ziren egin garai haietan eta zaharkituta geratu dira bailara honetako enpresa handi haiek. Hala ere, krisia azaldu aurretik Sakanan enplegu suntsiketaren zantzuak ematen hasi ziren. 2005-ean egindako zenbait aurreikuspenen arabera 2010-erako Sakanako enpleguaren %30a suntsituko zen, batik bat lehen aipatu ditugun enpresa zaharretako enplegua. Gaur egungo datuei erreparatuz, enpleguaren %32 suntsitu da Gizarte segurantzan altan daudenak kontuan hartuta, eta hori enpresen aurreikuspen faltagatik  izan dela azpimarratu zuen Sakanako LAB sindikatuko zuzendari Gaizka Uhartek.
Nafarroako Gobernua entzungor
Bertako enpresek egin dituzten akatsez gain, herritarren eta hainbat eragileren  ustez erruaren zati handi bat Nafar Gobernuarena da, ez duelako sekula eskua luzatu egoera konpontzearren. Inbertsioak egiterakoan, nahiago izan du beste eskualde batzuetako enpresetan inbertitu, eta Sakanako biztanleek, sindikatuek eta hainbat politikarik esandakoari  ez dio inongo jaramonik egin. Gaizka Uharteren aburuz, gobernuaren aldetik estrategia bat dago, “Estrategia Territorial de Navarra” izenekoa, Sakanaren eta berarekin mugan dauden euskal eskualdeen arteko sinergiak apurtzea bilatzen duena, Nafarroa isolatu bat lortzeko asmoz.  Sakanako ELAko arduraduna den Gorka Viergek gobernuaren indiferentzia horren atzean arrazoi ideologikoak daudela garbi dauka: “Nafar Gobernuak badaki hemen ez daukala indar askorik. Hortaz, nahiago dute enpresak beste leku batzuetan kokatzea. Hori garbi ikusi zen Trensa-ren kasuan, CAFen enpresa  bat zena, bere kokalekua erabakitzerakoan aukeran Altsasu eta Castejon edukita esfortzu handia egin zuelako Castejonen kokatzeko”.
Hala ere, baloia ez dute denek gobernuaren teilatuan jartzen. Sakanako CCOOko arduraduna den Maite Baleztenaren ustez, gobernuaren partetik eremu guztiek antzeko tratua jaso dute:   “ Nire iritziz, Nafar Gobernuak ez du Sakana zangotrabatu. Enpresa bat toki batean edo bestean jartzearen erantzukizuna ez da gobernuarena, enpresariena baizik, hauek erabakitzen baitute beren enpresa toki batean edo bestean kokatu, dena delako arrazoiengatik”.
“Sakana ez da ixten”
Egoera honen aurrean, sakandarrek maiz erakutsi dute beren sumina kalera ateraz. Asko etsituta sentitzen dira, denbora asko daramatelako langabezian, baina garbi dute etxean eserita geratuta ezer ez dela konponduko. Ezinbestekotzat jotzen dute karriketan beren borondatea plazaratzea euren bailaran bizitza duin bat eduki ahal izateko.
Joan zen martxoan manifestazio bat egin zen Iruñean, Sakana ez da ixten lelopean, non bi mila lagun bildu ziren, Sakandarrek lana ez baina elkartasuna eta adorea soberan dituztela erakutsiz. Eta manifestazio hori ibarreko biztanleen  kemenaren adibide bat baino ez da, greba bakoitzak eta antolatzen diren ekintza desberdinek jarraipen itzela izan ohi dutelako.
Era berean, gazteek ere badute zeresana aldarrikapenak egiterakoan eta egoerari konponbidea bilatzerakoan. Gorka Viergek garbi dauka: “gazteak antolatzea behar beharrezkoa da, bestela goitik eskubideak urratzen jarraituko dute”.
Urrunera begira
Ehundura industrialaren zahartzea kontuan hartuta, Nafarroako gobernuak Sakana premiazko berrindustrializazio gune izendatzea da eman beharko litzatekeen lehen pausua etorkizun argiago baten bidean. Hala ere, ez da aurreikusten Sakanan inbertsiorik egingo dutenik, soilik multinazional handien biltegiak ezarriko dira lanposturik sortzen ez  duten arren.  Sindikatu ezberdinen eta Sakanako langileen artean iritzi kontrajarriak eman dira etorkizuneko aurreikuspenen inguruan. Eredu propio baten aldarrikapena egiten dute ELA eta LAB-ek, Sakanatik proiektuak sortzea Sakanarako, nahiz eta multinazionalen etorrera ere ez duten baztertzen. Mobilizazioa eta antolaketa beharrezkotzat jotzen dute bi sindikatuek, eta baikor agertzen dira nahiz eta egoera larria bizi duen sakanak. CCOO-ko arduradunak aldiz etorkizun are beltzagoa irudikatzen du, langileriaren kualifikazio baxuan eta inbertsioak egiteko ezintasunean oinarriturik.



Lazaro Echeverria enpresako langileak mugagabeko greban
Lazaro Echeverria Sakanako eta Altsasuko sare industrialeko enpresa nagusienetako bat da. Enpresa hau Altsasuko harrobi nagusia da, lehengaiak saltzen dizkietelarik hormigoi planta ezberdinei. Gaur egun,  Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzan ari diren hormigoi planta gipuzkoarrei saltzen dieten euren produktua. Altsasu mailan enpresarik handienetako bat izan da historikoki fakturazioari edo mozkinei dagokionez, baina azken urteotan krisiak gogorrago jo duen enpresetariko bat ere bada.
“Mozkinen eta lanaren jaitsiera dela medio, eta azken urtean legean sartu diren erreforma laboralak baliatuz, 6 langile kanporatu dituzte eta gainontzeko 19 langileei 10% jaitsi nahi diete soldata” azaldu zuen Gorka Viergek.   Lazaro Echeverria enpresak Altsasuk bizi duen Shock egoera baliatu nahi izan du gastuak murriztuz etekin berberak mantentzeko, kanporaketa eta soldata jaitsierez gain lanorduak luzatu nahi baititu zuzendaritzak.
Egoera honen aurrean langileak bikain antolatu direla dio Sakanako ELA-ko arduradunak, langileen aldarrikapen nagusia kanporatuak izan diren langileak berriz onartzea delarik. Gauzak horrela, langileak mugagabeko greba batean sartu direlarik, egun bi hilabete inguru daramate greban.  Lehen esan bezala,krisiak  enpresa altsasuarra biziki zigortu du, eta krisitik irteteko ahaleginen  hartutako erabakiek egoera asko okertu dute.


Lacunza Calor de Vida: krisiari pultsua  eginez
Lacunza Calor de Vida enpresa sakandarra 1940 urte inguruan sortu zen Altsasun( gaur egun Lakuntza herri sakandarrean dago kokaturik). Altzairuzko galdategi bat zen hastapenetan, 60ko hamarkadan egurrezko sukaldeak egiteari ekin zioten arte. Enpresa nafarrak garapen handia izan du sortu zenetik, produktuari eta fakturazioari dagokionez. 2007ko CE legeari erantzunez Lacunza enpresak bere produktu guztiak homologatzea lortu zuen,  kalitate handiko azken produktu bat lortuz.
Azken urteotan, sukalderako goi mailako tresneria espezializatua merkaturatzen aritu da. Enpresa honek duela urte gutxi merkatu berri batean beren produktua sartzeko aukera ikusi zuen, estufak,tximiniak eta gasarekin lotutako etxetresnen merkatua alegia, eta izugarrizko inbertsioak egin zituen makineria moldatu eta produktu berri horri irtenbide egokia emateko. Garapen hori dela medio, 130 langile ditu bere artean enpresa sakandarrak, geroz eta merkatu handiagoa lortzen ari direlarik. I+D-an egindako inbertsio erraldoi horiek kaudimendun bihurtu dute Lacunza enpresa, Sakanako gainontzeko enpresen aurrean. Sakanako industria zaharkitua geratu da azken urteotan, mozkinak banatu egin direlako berriro inbertitu beharrean eta Nafarroako gobernuak ez duelako dirurik sartu enpresa horiek berritzeko asmotan.
Kontuan hartua balio erantsia duten produktuak nagusitzen ari direla azken urteotan, soilik I+D-an eta enpresak berritzen inbertsio handiak egin dituzten enpresak atera dira zulotik,eta Lacunza Calor de Vida da horren adibide.