2013(e)ko azaroaren 16(a), larunbata

EMAKUMEA KOMUNIKABIDEETAN

Gaur egun, inoiz baino emakume gehiago aurki ditzakegu komunikabideetan. Emakumeek albistegiak aurkezten dituzte, atzerrira joaten dira albiste bila, beren iritzia plazaratzen dute edozein gairen inguruan. Hortaz, hedabideetan berdintasuna errealitate bat dela esan dezakegu? Galdera horri erantzuteko komenigarria da gizartearen eta komunikabideen arteko harremana aztertzea. Alde batetik, komunikabideak gizartearen ispilu zuzena direla hartu behar da kontuan, eta aintzat hartuta egungo gizartean oraindik ere sexuen arteko estereotipoak eta rolak guztiz finkatuta daudela, zentzuzkoa da pentsatzea komunikabideetan ere beste horrenbeste gertatzen dela. Eta komunikabideak gizartearentzat balio igorleak diren heinean, harreman hori gurpil zoro  bilakatzen da. Beraz, zaila dirudi planteatutako galderari baiezko erantzuna ematea. Euskal Herriko Bilgune Feministako kide den Saioa Iraolak garbi dauka desberdintasun egoera hori gizarteak sorturikoa dela: “Ez gara pareko errealitate batean bizi. Botere harremanetan oinarritutako jendarte batean bizi gara; hierarkia batzuk daude, bai balioetan, bai bizi eretan, eta guzti horrek gizarteko espazio desberdinetan bere isla dauka, sozio-ekonomian bezala komunikabideetan”

Datuek garbi hitz egiten dute. Erredakzioetan %66 gizonezkoak dira, eta emakumeak %33. Badago aldea, baina lehendabiziko begiratuan ez dirudi horren handia. Alta, gora begiratuta tarteak nabarmen handitzen dira: zuzendaritza postuetan soilik %23 dira emakumezkoak. Eta sakonago begiratuta, egoera beltzagoa da oraindik: zuzendaritzan dabiltzan emakume gehienak hedabide espainoletako filialetan daude, hau da, ez dira goi zuzendariak, organo zentraletik jasotzen dituzte aginduak, gizonen zuzendaritzapean dauden organo zentraletatik. Saioa Iraolaren iritziz, “kristalezko sabaia” bezala ezagutzen den fenomeno hori bi arrazoirengatik ematen da komunikabideetan eta ,oro har, gizartean: “Bi faktore ikusten ditut eragiten dutenak. Batetik, oraindik emakumeak gara zaintza lanetan nagusiki arduratzen garenak, orduan nolabait enplegua eta familia bateragarriak izateko askoz ere zailtasun handiagoak ditugu. Ikusten dudan beste faktorea da emakumeak dauden lekutan beti exijentzia maila bat dagoela emakumeekiko gizonekiko ez dagoena”

Alabaina, gauza ez da hor geratzen. Emakumeek erredakziotik goi karguetara iristeko trabak dituzten hein berean dituzte oztopoak unibertsitatetik hedabideetara salto egiteko. Horren erakusle da azkeneko hamarkadan Euskal Herriko Unibertsitateko kazetaritza fakultatean lizentziatuen %67 emakumezkoak izan arren (eta nota onenen %83 emakumeek lortu arren) ondoren komunikabideetan gizonezkoak jaun eta jabe izatea.

Dena den, kontuan hartzekoa da hedabidearen arabera emakumearen presentzia aldatu egiten dela. Alde batetik, komunikabide publikoek pribatuen aldean berdintasunaren gaia gehiago zaintzen dute, legeak baitio parekidetasunaren alde jardun behar direla (nahiz eta askotan kontuan ez den hartzen). Horren inguruan Euskadi Irratiko kazetari den Joxe Mari Apaolazak garbi dauka komunikabide publikoen eta pribatuen artean desberdintasun nabari bat dagoela parekidetasunari dagokionez: “Komunikabide pribatuetan urte askotako inertzi bat dago, eta askotan talde txiki bat da talde osoaren kontrola daukana. Hauek ere zainduko dute emakumezkoen presentzia, baina komunikabide publikoekin, alde horretatik, ez dago zer ikusirik”

Bestetik, Emakume kazetarien egoera profesionala EAEko komunikabide nagusietan tesiaren egilea den  Diana Riverok dioen bezala,  kontuan hartzeko modukoa da irudiaz baliatzen diren hedabideetan eta berriagoak direnetan emakumeek pisu handiagoa  dutela:  “Prentsan emakume gutxiago daude. Telebistan eta irratian, ordea,  emakume gehiago daude. Nik uste dut horrek irudiarekin lortura duela eta baita telebista eta irratia hedabide berriagoak direla, beraz tradizio hain matxistarik ez dute”

Hedabideen arteko desberdintasunak desberdintasun, garbi dagoena da emakumeak bigarren plano batean daudela. Baina, nola lor daiteke komunikabideetan benetako sexu berdintasuna? Zein aurrerapauso eman daitezke? Emakunde-ko komunikazio arduraduna den Karmele Jaioren iritziz,  aurrerapauso bat izango litzateke emakumeak aditu bezala agertzea. Gainera emakumea medioetan estereotipoetatik libre azaltzea funtsezkotzat jotzen du.

Bere aldetik, Euskal herriko Unibertsitatean kazetaritza irakaslea den Alazne Aiestaranek garbi dauka egoerak hobera egin ahal izateko gizartea errotik aldatu behar dela: “Gizarte osoaren mentalitate aldaketa behar da. Bai nagusien eta bai umeen zainketa erdibana izatea.Bestela ezinezkoa da. Nik laguntzen ez badiot beste pertsonari edo berak ez badit laguntzen niri ez dut denborarik izango hori kontziliatzeko”