2015(e)ko maiatzaren 23(a), larunbata

ERREPORTAJEA: ZONIFIKAZIOA ETA HEZKUNTZA SISTEMA

Euskararen mugak, legearenak

Nafarroako Euskararen Foru Legeak hiru hamarkada luze daramatza lurralde honetako eztabaidagai nagusienetako bat izaten. Lege honen eragina batik bat hezkuntza-sisteman nabari da

Mugak. Fisikoak, konbentziozkoak, norberak bere buruari jarriak… Hainbat motatakoak izan daitezke. Batzuetan beharrezkoak dira, gizartearen funtzionamendu egokia bermatzeko, kasu. Beste batzuetan, aitzitik, gizartearentzat onuragarri baino, beronentzako traba, oztopo dira. Hizkuntzak. Gizakiari komunikazio ahalmena ematen dioten tresnak. Komunitate, herri, nazio baten arima dira. Maioritarioak, minoritarioak, minorizatuak… Hauek, mugak lez, gisa askotakoak. Hizkuntzak eta mugak, bi kontzeptu, lehenengo begi-kolpean bateraezinak diruditenak. Izan ere, hizkuntza bati mugak jartzea beronen aurka egitea kontsidera daiteke. Bada, horixe da, hain zuzen, Nafarroako euskal-komunitatearen arabera Euskararen Foru Legearekin jazotzen dena: lege honek ezartzen duen zonifikazioak euskarari zuzenean bere kontra egiten duten mugak ezartzen dizkio. Izan ere, zonifikazio honek Nafarroako lurraldea hiru zatitan banatzen duelarik, horietako bakoitzean euskarak status desberdin bat dauka. Hala, Nafarroako euskaldungoak salatzen duenez, legeak euskara hauspotu beharrean, honi mugak jarri eta bere garapena galgatu egiten du. 

Egoera horretan, 1982an onartu zenetik eremukako banaketa honek hezkuntza-sisteman izan du eragin gehien, eta, modu berean, alor horren baitan piztu ditu liskarrik handienak. Aipaturiko banaketa horren arabera, eremu bakoitzean hezkuntza-eredu jakin batzuk eskainiko dira: eremu euskaldunean –Nafarroako iparraldea hartzen duen eremua- A, B eta D dira eskuragarri dauden ereduak, euskara ikastea derrigorrezko eginez. Eremu mistoan -erdialdekoa- , bere aldetik, ikasleek A, B, G eta D ereduen artean aukera dezakete, baina azken hau eskaini ahal izateko derrigorrezkoa da ikasle kopuru minimo batera iristea, euskaraz ikasteko eskubideari baldintzak jarriz. Alabaina, eremu erdaldunekoa –hegoaldekoa- da egoerarik delikatuena: bertako sare publikoan orain arte soilik A eta G ereduak egon dira aukeran, beraz, euskarazko murgiltzea aukeratu nahi izan duen oro ikastola batera joatera derrigortuta egon da.

Horrela, bada, Euskararen Foru Legeak ezartzen duen lurraldearen banaketak Nafarroako hezkuntza-sisteman duen eraginaren inguruan bi iritzi korronte nabarmentzen dira: zonifikazioa eta honen emaitzak goraipatzen dituena, batetik, eta, banaketa horrek ikasleei sortzen dizkien kalteak azpimarratzen dituena, bestetik. Azken korronte honekin bat datozenen ustetan, eremuaren arabera euskararen status-a desberdina izateak Nafarroako ikasleek hizkuntza eskubide desberdinak izatea dakar. Ildo horretatik mintzo da Andoni Albeniz, Nafarroako Hezkuntza Departamentuko ikuskaria: “Espainian eta, oro har, mendebaldeko Europa osoan ez dago zonalde bakar bat non komunitate horretan eskubide linguistikoak hiru zatitan banatzen diren. Horrek ez du ez hanka ez buru. Ikasle guztiek, hiritar bezala, eskubide berdinak izan beharko lituzkete. Zergatik izan behar du euskaraz ikasteko eskubide gehiago Altsasuko ikasle batek Vianako batek baino?”


Albenizen hitzek aditzera ematen dutenez, bi aldeen arteko talkaren erdigunea, epizentroa, eremu ez-euskaldunean dago. Bertan euskarak ez du ofizialtasunik, eta zonalde mistoan ez bezala, eremu honetan legeak ez du euskararen aldeko sustapen neurririk aurreikusten; halatan, arestian aipatu bezala, orain arte bertako ikasleek D ereduan ikasteko ikastolak ez beste alternatibarik ez dute izan. Zentro publikoetan A eredua hauta dezakete, euskara arlo bezala eskaintzen duena, betiere ikastetxeetan eskaintza badago eta baldintza jakin batzuk betetzen badira. Eskaintzen den bigarren hezkuntza eredua G eredua da, gaztelaniaz landa euskara ez den beste hizkuntza bat lantzen duena (zentroaren arabera, ingeles, frantses edo alemanierazko klaseak eskaintzen dira). Egoera horretan, hainbat guraso taldek euren seme-alabek euskarazko irakaskuntza eskuratzea ezinezkoa zaiela salatzen dute, kasu askotan ikastolek suposatzen duten kostu ekonomikoa gehiegizkoa zaielako.

Bigarren iritzi korronteak, zonifikazioaren aldekoak, baina, egoeraren interpretazio desberdin bat egiten du. Neurri honen alde daudenen arabera, Nafarroako lurraldea hiru zatitan banatzea errealitate linguistikoaren araberako lurraldearen antolaketa bat da, eta, gainera, nafarren hizkuntza eskubideak ez ditu inondik-inora bortxatzen. Euskararen Nafar Institutuko kide den Julen Calvok garbi dauka: bere aburuz, orain arte egin den lurraldearen banaketak ez ditu inoren eskubideak urratu, eta UPNk euskararekin behar bezala jokatu du. “Askok diotenaren kontra, eremu ez euskaldunean hizkuntza eskubideak guztiz bermatuta daudela deritzot. Euskaraz ikasi nahi duenak hor ditu ikastolak. Nafar Gobernua duela 25 urte hasi zen ikastetxe hauek laguntzen, eta gaur egun ere diruz laguntzen jarraitzen die. UPN beti egon da euskararen alde, aurrerapausoak emateko prest. Egungo gobernuak lan handia egin du euskara gaur egun dagoen egoeran egoteko”.

Ikastolei eman beharreko trataera, eztabaida iturri


Eguneko lehen orduetan esnatu, gosaldu, arropa jantzi, eta ikastolara joateko eguneroko bidaia -dozenaka kilometrokoa- egin. Horrelakoa da eremu ez-euskaldunean D eredura joaten diren ikasle askoren errutina, egunerokotasuna. Izan ere, bere herrian aukerarik ez dutenean, gertuen dagoen ikastolara joan behar izaten dira, askotan urruti samar egoten dena -batzuk eremu mistoko ikastoletara joaten dira-. Euskaraz ikasi nahi badute, ez dute beste abagunerik. Kasu batzuetan gurasoekin, beste batzuetan taxiz, zenbaitetan autobusez… Alternatiba desberdinak dituzte egunero ikastetxera joateko, baina denek ala denek esfortzu bat egitea eskatzen diete, dela gurasoei (diru aldetik ez da merkea egunero horrelako bidaiak ordaintzea), edo dela ikasleei (euren ikaskideak baino ordu batzuk lehenago jaikitzeak badu bere eragina). 

Nafarroako Ikastolen Elkarteko kide den Josu Reparazen arabera, egoera hori eremu honetako ikastolek behar adinako kontzertuak jasotzen ez dituztelako jazotzen da: “Diru aldetik ikastola hauek panorama oso txarra dute. Nafarroak ematen dituen kontzertazioak eskuratzea ez da lan erraza, eta hauek lortzerakoan egunerokotasunean ditugun gastuak ordaintzeko nahikoa ez direla ohartzen gara. Hala, gurasoek seme-alaben garraioa zein jantokia euren patriketatik ordaindu behar dituzte”. Bestalde, Reparazek gaineratzen duenez, gurasoak ez dira egoera honetan ekonomikoki kalteturik ateratzen diren bakarrak, laguntza faltaren ondorioz zentroek irakasle askoren kontratazioak zein ikastetxearen mantenu gastuak bere gain hartu behar baitituzte. Honen iritzirako, Nafar Gobernuak kontuan hartu beharko luke ikastola hauen izaera ez dela gainontzeko ikastetxe kontzertatuen berbera. 

Ikastolei eman beharreko trataeran ere, baina, desadostasunak daude. Izan ere, batzuek (arestian aipaturiko Reparazek, kasu) ikastolei trataera berezia eman beharko litzaiekela uste duten bitartean, beste batzuek hori egiteak legeak zehazten duen berdintasun printzipioa urratuko lukeela uste dute. Esaterako, Julen Calvo azken ikuspuntu honekin bat dator. Honen arabera, garbi dago ikastolei diru gehiago emanda hauen egoerak hobera egingo lukeela, baina, hori eginda, zentro kontzertatuen arteko berdintasuna apurtu egingo litzateke, mota honetako gainontzeko ikastetxeek diru gutxiago jasoko luketeelako. “Zentro guztiei tratu berdina eman behar zaie, bestela lagunkeriaz jokatuko bailitzateke”, gaineratzen du Calvok. Bestalde, gurasoek dituzten zailtasunei dagokienez, Euskararen Nafar Institutuko kideak garbi dauka: zentro kontzertatu guztietako gurasoak daude beren poltsikotik dirua jartzera derrigortuta. “Guraso hauen egoera zaila dela nabaria da, baina beste zentro batzuetan ere hala gertatzen da. Egoera aldatu nahi bada, legea aldatzea da bide bakarra". 

Zernahi ere, alde biak bat datoz gauza batean: hain zuzen ere, batzuek zein besteek urte hauetan guztietan ikastolek eremu erdaldunean euskararen alde eginiko lanaren aitortza egiten dute. Nafarroako Gobernuak eginiko azken mapa soziolinguistikoaren arabera, egun eremu erdaldunean 14 urtez azpiko biztanleen %12k daki euskara, eta Andoni Albenizen aburuz, hori, hein handi batean, ikastolek eginiko neurrigabeko lanari esker lortu da. Hezkuntza Departamentuko ikuskariaren arabera, ikastolak eremu erdaldun zein mistoko euskal irakaskuntzaren ardatza izan dira, eta orain leku hauetan euskaraz hitz egiten bada, hori, batik bat, ikastoletako gurasoen militantziagatik da. Julen Calvok ere, bere aldetik, positiboki baloratzen du ikastolek urte hauetan eginiko lana, D eredu publikoaren inguruan ñabardura bat gehituz: “Gaur egun euskarak eremu ez euskaldunean daukan presentzia oso txikia da, baina presentzia hori ikastolek egin duten lanagatik izan da posible. Emaitza hauek ikusita, uste dut agerikoa dela dagoen eskaria ikastolek sobera asetzen dutela, beraz, agian ez legoke sare publikoko D eredua eskaintzeko beharrik ere”.

Legearen moldaketa: egoera baretzeko nahikoa?


Ikamika eta saiakera antzu frankoren ostean, iragan otsailean Nafarroako Parlamentuak historikotzat jo daitekeen erabaki bat hartu zuen: eremu-ez euskaldunean sare publikoan D eredua eskaini ahal izateko foru legea moldatzea, hain zuzen. Legearen arautegia oraindik garatzeke dago, baina dena behar bezala joango balitz, hemendik denbora batera eremu erdalduneko ikasleek eremu mistoko ikasleen eskubide berak izango lituzkete, orain arte bertako guraso zein ikasleek izan dituzten oztopoak alde batera uzteko aukera zabalduz. Izan ere, D eredua zentro publikoetan eskainita, bidai luzeak egiten dituzten gurasoek aukera izango lukete beren seme-alabak herriko edo inguruko eskola publiko batean matrikulatzeko. Era berean, euskararen aldeko hainbat eragilek azpimarratu dutenez, euskararen normalizazioak izugarri irabaziko luke euskarazko murgiltzea sare publikoan ere eskainita.


Alta, gutxik uste dute legearen moldaketa honek gauzak errotik aldatuko dituenik. Andoni Albenizek, adibidez, Nafar Gobernua lege honek irekitzen dituen aukerak ikasleen kopuru minimoen baldintzarekin oztopatzen saiatuko dela uste du: “Minimoa, esaterako, 20 ikasletan jarri dezakete. Hala egin ezkero, euskarazko irakaskuntza hori ematea ezinezkoa izango litzateke leku askotan. Izan ere, herri txikietan, eskolako eredu guztietako ikasleak batuta ere ez dira horrelako kopuru batera iristen”. Josu Reparaz bera ere nahiko ezkorra da lege honek etorkizunean izan dezaken garapenaren inguruan. Honen aburuz, eremu honetako ikastetxe publikoetan D ereduan matrikulaturiko ikasleak irlatxo txiki bat izanen lirateke erdal unibertso batean, eta, testuinguru horretan, oso lan zaila izango litzateke behar bezalako murgiltze bat ematea.



Bestalde, eremu honetan sare publikoan D eredua eskaintzearen beharra bera kolokan jartzen duenik ere badago. Horien artean dago Julen Calvo bera. Honen ustetan, Nafarroaren errealitate linguistikoa aztertzerakoan errealistak izatea beharrezkoa da: “Aukera eman, emango da, baina zeinek aukeratuko du? Errealistak izan behar dugu: urte batetik bestera D eredua ez da leku guztietara zabalduko, ez baitago eskaririk. Nafarroa oso anitza da, eta euskarak eremu honetan duen presentziak oso txikia izaten jarraitzen du. Euskara tresna politiko gisa erabiltzen dute batzuek, baina datuak hor daude”. Dena den, Euskaraen Nafar Institutuko kideak positibotzat jotzen du legeak modu ireki batean aukera hori jasotzea.

Gauzak horrela, etorkizunari so eginda ez dirudi gauzak braustakoan aldatuko direnik. Jada hiru hamarkada iraun dituen gatazka bat da zonifikazioak pizturikoa, eta bi aldeak oraindik elkarrengandik oso urrun daudela kontuan hartuta, eztabaida, ziur asko, ez da berehalakoan amaituko. Are gehiago, Andoni Albenizek dioen bezala, euskararen aldeko komunitatean bertan arrakalak ireki ohi dira maiz, eta, egoera horretan, oso lan nekeza da aldeen arteko bat etortzea erdiestea. Bien bitartean, ika-mika hutsalen artean, euskara, egunez egun, gora doa Nafarroan, bereziki ezagutza aldetik. Horrelaxe ibili da beti, arantzen artean bizirauten (eta, areago, bere lekua egiten). Legearen mugak hor ditu, oztopo, traba, arantza zorrotz lez, baina sastraka altuagotatik ateratakoa da.