2013(e)ko martxoaren 24(a), igandea

AURREIRITZIEN INDARRA


Duela astebete 4500 lagun inguruk Altsasuko kaleak bete zituzten errausketaren aurka. Mobilizazio historikoa izan zen Sakana mailan, oso gutxitan ikusi ahal izan delako horrelako jendetza kalera ateratzen zerbait aldarrikatzeko. 2010ean Nafar Gobernuak hondakinen kudeaketa plana onartu zuenetik, hainbat manifestaldi egin dira, baina jendetsuena, dudarik gabe, joan zen larunbatean egin zena izan zen. Horren arrazoietako bat 3 Mugak Batera plataformak eginiko deialdiari Sakanatik kanpoko herritarrek emandako ihardespen itzela da, Sakandarrez gain, Ameskoako, Goierriko eta Arabako lautadako herritar ugari gerturatu zirelako Altsasura.

Alta, mobilizazio hau ez zen soilik kopuruan izan esanguratsua. Izan ere, nekez ikus daiteke errausketa planaren aurkakotasunak lortu duen adostasunik: manifestaldiaren deialdiarekin bat egin zuten Bildu, EAJ-PNV, Equo, Ezker Batua-Berdeak, Aralar, Geroa Bai eta IUN alderdiek, ELA, LAB, EHNE eta UAGA sindikatuek eta kulturaren alorreko zenbait pertsona famatuk, Bernardo Atxagak kasu. Hortaz, berebiziko garrantzia duen afera baten aurrean gaudela esan daiteke, garbi baitago atzetik pisu handia duen zerbait egon behar dela bat-etortze maila hori erdiesteko.



Nafar Gobernuaren jarrera despota gisa defini daiteke. Entzungor egin die bai Sakandar herriari, bai udalerriei, bai sindikatuei, bai alderdiei, bai beste motatako eragileei ere. Denon gainetik pasa eta Olaztiko porlandegiaren jabe den FCC multinazionalari baimena eman dio hondakinak bertako labeetan errausteko. Horrela, Nafar Gobernua aise desegingo litzateke hondakinez, errentagarritasun handia lortuz, eta FCCk diru laguntza handiak lortuko lituzke (erretako tona bakoitzeko diru dezente kobratu ohi da, eta teknika honen bitartez ustez CO2 gutxiago emititzen da, arrazoi horregatik ere diru-laguntzak jasotzen direlarik). Hala ere, diru-laguntzak lortzeak ez du esan nahi Olaztiko plantako langileen egoera hobetuko litzatekeenik, hauek zementua egiteagatik kobratzen baitute, eta egun eraikuntzak bizi duen krisi sakonaren ondorioz garbi dago zementuaren eskaera geroz eta txikiagoa dela.  Beraz, FCCk errausketa planarekin egingo lukeena langileen gainetik negozioa egitea da.

Baina honen inguruan larriena iruditzen zaidana zera da, errausketa planta batek eta are gehiago Olaztin egin nahi denak (beharrezkoak diren hainbat segurtasun neurri ez daude planifikazioaren barruan) osasunean eragin  oso negatiboa izango lukeela. Izan ere, gai honen inguruan egindako hainbat ikerketek oso garbi uzten dute hondakinak errausteko planta bat gertu edukitzeak minbizia edukitzeko probabilitateak handitu egiten dituela, hainbat medikuk eta zientifikok lehenagotik ohartarazita zutena. Baina erraustegi batek igortzen dituen substantziek (horien artean kaltegarrienak dioxinak eta furanoak dira),  osasunean kalteak sortzeaz landa, ingurumenean ere eragin kaltegarria dute; are gehiago Cementos Portlanden ondoan hainbat udalerri, parke natural eta  urtegiak daudela kontuan hartzen badugu.

 Bai, esandako guztiaren ondoren, garbi dago bidegabekeri handi baten aurrean gaudela. Baina artikulu hau ez dut idatzi  soilik bidegabekeri hori salatzeko asmoarekin. Uste dudalako orokorrean orain arte esan dudana jakina dela. Goazen harira: Sakanako udalerrietan, eta beste zenbait lekutan, errausketaren aldeko mugimenduak indar handia hartu duela uste dut. Baina altsasuarra naizen heinean, jabetu naiz populazioaren zati handi bat auzi honekiko indiferentea dela. Eta kezkatzeko modukoa dela uste dut, gaia ez baita indiferentzia sortzeko modukoa: gure osasuna dago jokoan. Ez da ulerterraza maila horretako inposaketa baten aurrean jendeari gaiak bost axola izatea.

Indiferentzia  horren atzean, eta laburki esatearren , aurreiritziak daudela uste dut. Aurreiritziek Altsasun indar oso handia dute. Bai, egungo gizartearen osotasunean bezala. Baina Altsasun, nire iritziz, are eta nabarmenagoa da. Aurreiritziak daude zentzu eta alde guztietan. Hala ere, errausketaren inguruan, azpimarratu nahiko nuke aurreiritziak konbentziozkoak baino sorraraziak direla. Eta horri ezin zaio entzungor egin.

iruzkinik ez: